Bakardadean bizi diren ahuleziak eta zalantzak askatasun kantu margotu zituen kantautore zornotzarrak. Bakarkako formatuko disko baten ostean, oraingoan, bere bandaz lagunduta igo zen Urdangarin Spaloiko oholtzara. Aurrean, Kafe Antzokia betetzen zuten entzuleak eta lagunak, zornotzarraren doinu berriak entzuteko prest.
Askatasuna da diskoaren gai nagusietariko bat, hala ere, hitz guztiak ez dira bereak. Gerardo Markuletak idatzi ditu, esaterako, Itsasoan euria eta Dena neure baitako abestien hitzak, eta Xabier Amurizaren testua darama Mendian gora kantak. Doinuari dagokionez, atzokoa, %100 Urdangarin izan zen. Bere gitarra soinean hartuta, Urdangarinek, bere doinu leunetan harrapatu zituen bertaratutakoak.
Kantautoreak, ohi duen bezala, entzuleekin konplizitate handia izan zuen, eta horietako batzuei oholtza gainera igotzeko gonbita ere bota zien. Beste behin, Zornotzarrak jendea liluratzeaz gain, bere doinuen erritmora gau bikain bat margotzea lortu zuen.
Spaloiaren azken emanaldia
Pena handiz, eta Xabier Ulaziaren lana goraipatuz, Mikel Urdangarinek berea Spaloiaren fase honetako azken emanaldia izango dela aurreratu zuen. Jendek albistea penaz hartu zuen, eta txaloekin babestu gura izan zuen Elgetako kultura talaia honetan egungo kudeatzaileak egindako lana. Kantautoreak ozen goraipatu zuen Spaloiak Elgetako nahiz bailarako kulturari egindako ekarpena.