68.998 euroko soberakinarekin itxi du 2016a Elgetako Udalak

Zertara erabakitzeko badago ere 2017ko inbertsioetara bideratuko dute diru hori. Martitzeneko osoko bilkuraren hasieran, bestalde, Kanuto Ugalde izan zuen gogoan alkateak. Elgetako zinegotzia zen eta 1937ko apirilaren 25ean fusilatu zuten Frankistek.

Iazko aurrekontuaren likidazioa eginda 68.998 euroko soberakinarekin itxi du 2016a Elgetako Udalak. Gotzon Goikoetxea idazkariak argitu du 2016ko likidazioan Udalak ez duela gastuaren araua betetzen, baina ez betetze hori diru zaintzako soberakina erabiltzearen ondorioz gertatu dela eta hortaz ez dela horrelakoetan legeak aurreikusten duen plan ekonomiko finantzarioa egin beharrik izango.

Aurreikusitako diru sarreren zein gastuen betetze maila %90tik gorakoa izan dela azaldu du Iraitz Lazkano alkateak, eta esan du alde hori gehienbat egiterik izan ez diren inbertsioengatik eman dela. "Balantzea azken urteetan egon den orekatuena izango da", esan du eta kobragaitz modura izendatutako zenbait kopuru kobratzeko egindako ahaleginak isla izan duela likidazioan. "Aurtengo aurrekontuan erabili ahal izango dugu soberakin hori. Diru-laguntzen arabera izan daiteke baserritarren batzordeko inbertsioak ukitu behar izatea".

Oposizioko Mikel Larreak kobragaitzen inguruan esan zuen portzentaje "nahiko handia" iruditzen zitzaiola. "Ikusita ahalegina eginez gero diru-bilketa hobetzen dela ahalegin horretan jarraitu beharko da", esan zuen. 

Goi-tentsioko lerroa

Astelehenean jaso du Udalak Gueñes-Itsaso lerro elektrikoa dela-eta aurkeztutako alegazioaren erantzuna. Lazkanoren ustez "oso ondo oinarritutako alegazioa da", baina Red Electrica de Españak ez du aintzat hartu. "Orain uste dut hamabost eguneko epea dugula erantzuteko eta saiatuko gara berriz ere gure zein bidegabeki kaltetuko diren hainbat eremuren interesak defendatzen zentzu handirik ez duen proiektu honen  aurrean".

Alkateak azaldu zuen Udalak aurkeztutako alegazioak bi puntu hartzen zituela bereziki kontuan. "Batetik, kontuan hartu barik daudela udaletxearenak diren hainbat bideren erabilera bai eraikuntza lanetarako bai etorkizunean dorreetara iristeko. Udaletxea ez da kaltetu moduan agertzen". Egoarbitzako, Goimendirako eta Azkonabietarako bideak aipatu zituen. "Bestetik plan orokorrean babes bereziko eremu bezala agertzen diren hainbat gunetan kalteak eragingo direla jasotzen da: zuhaitzak botako dira —pagoak eta haritzak—, eta airetik pasako da lerro hori".

Gu Geu Elgetako Mikel Larrea ere harrituta agertu da jasotako erantzunarekin. "Mehatxu  tankera hartzen diot lehen paragrafoari", esan zuen. "Baina azken finean pentsatu zitekeen erantzun hori etorriko zela horrelako entitate baten aldetik".

Eztabaida erraustegiaren harira

Saioko gatazka alkateak oposizioari luzatutako galdera batek eragin zuen. "Erraustegiaren inguruan hainbat galdera planteatzen genituen mozio baten aurka bozkatu zenuten nahiz eta galdera horien erantzunik ez eduki. Larritzen zaituzte orain Gipuzkoa hipotekatu duen kontratu hori ustela izan daitekeen enpresa batekin sinatu izana?".

Oposizioak erantzun zuen egindako lehiaketa publikoan hautagaien gaitasun teknikoak eta ekonomikoak baloratuko zirela. "Okerkeriak egin badituzte beste edozein bezala epaitegietara joan beharko dira", esan zuen Eduardo Zubiaurrek.

Gaiak luzerako eman zuen eta beste behin hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaidan murgildu ziren udal ordezkariak.

Eguneko zentroaren esleipena atzeratuta

Gai zerrendan egon arren maiatzeko osoko bilkurarako utzi du udalbatzak eguneko zentroaren zerbitzua esleitzeko erabakia. Garantia aurkeztea falta dela aipatu zuen idazkariak eta gauzak horrela mahai gainean gelditzen zela kontua. "Amaitzear dagoen kontratua ekainaren 23an amaitzen da eta berria ekainaren 24an sartuko litzateke indarrean. Beraz, badago tartea esleipena maiatzeko osoko bilkuran egiteko", ohartarazi zuen Goikoetxeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.