Gerrako desagertuen auzia ikusaraziz

Olatz Gorrotxategik 43º13’44’N antzezlana aurkeztu du osoko bilkuren aretoan. Formatu txikikoa izanik, hogei bat pertsona bildu dira, eta argazkiez, dokumentuez edota ikus-entzunezkoez lagunduta, desagertutzat jotako bere familiarteko Domingo Gangoitiren bilaketa kontatu du.

Bere aitita den Juan Gangoitiren anaiari buruz asmatutako istorio bat kontatuaz hasi du antzezlana Olatz Gorrotxategik. Hark izan zezakeen bidaiaz eta abenturaz betetako bizitzaz jardun du, kontakizunari umore ukitua jarriaz.

Errealitatean, baina, Domingo Gangoiti 36ko gerran bando nazionalak Bizkargi mendian harrapatu eta frontean borrokatzera behartu zuen, eta 24 urte zituela hil zuten. Bere familiak orain, 80 urte beranduago, jakin du amildegi batera bultzatu zutela.

Bada, Gorrotxategik lehenagotik ere bazuen martxan desagertuen inguruko antzezlan bat, baina duela ia urtebete, maiatzean, jakin zuen bere familiako kasu honen berri. Bada, gaurkoan bilaketa horretan eman dituen pausuak kontatu ditu, besteak beste, bere aitonaren ikus-entzunezko adierazpenekin.

Ikuskizunaren hasieran gutunazalak banatu ditu Gorrotxategik ikuslegoaren artean, bakoitza izen abizen batekin azalean. Bada, bukaeran horiek zabaltzeko eskatu die, eta bertan frankismo garaian desagertutako pertsona banaren istorioa zegoen gordeta, argazkiekin, postalekin edota eskutitzekin batera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.