goiena.eus

Pello Añorga izango da Elgetako Herri Eskolako kultura asteko gonbidatu nagusia

  Kultura  Elgeta

Astelehenean abiaraziko dituzte kultura ekintza bereziak Elgetako ikastetxean, eta eguenean jasoko dute ipuin kontalari oiartzuarraren bisita. Tartean Korrika Txikia prestatuko dute, bisita gidatuak egingo dituzte udal liburutegira eta entzunaldiak eguneko zentroan.

Pello Añorga izango da Elgetako Herri Eskolako kultura asteko gonbidatu nagusia
Pello Añorga ipuin kontalaria eta idazlea. (Iturria: ataria.eus) | Ikusi handiago | Argazki originala

Astelehenean ekingo diote ikasturte honetako kultura asteari Elgetako Herri Eskolan. Urtero moduan asmakizunak eta hizkuntz-jolasak egingo dituzte. Kultura zirkuitua eta Haur Hezkuntzako neska-mutikoendako jolasak ere ez dira faltako. Sari banaketa eguenean egingo dute eskolako sarreran, 10:45ean.

Horrekin batera barikurako iragarrita dagoen Korrika Txikia prestatzeko lanak ere egingo dituzte. Korrikako txapak eta dortsalak egingo dituzte eta guztia prest izango dute barikuan egiteko den Korrika Txikirako. Eskolako umeak 15:00etan abiatuko dira ikastetxetik. 

Herriko eguneko zentrora ere iritsiko da eskolako Kultura Astea. Ikasleak bi egunez izango dituzte bisitan, martitzenean eta eguenean, 14:30ean. Martitzenean laugarren eta bosgarren mailakoek egingo dute bisita, eta eguenean seigarren mailakoek. Urtero moduan musika entzunaldiak eskainiko dizkiete bertako erabiltzaileei.

Pello Añorgaren bisita

Pello Añorga izango da ikasturte honetako kultura asteko gonbidatu nagusia Elgetako Herri Eskolan. Ipuin kontalari eta idazle oiartzuarra eguenean izango da Elgetan. Ikasleekin elkartuko da eta bere jardunaren inguruko azalpenak emango dizkie neska-mutikoei. Ziurrenik ipuin bat edo beste ere kontatuko du. Añorgaren bisita 11:30erako dago iragarrita.

Bisita gidatuak liburutegira

Aurreko urteetan moduan liburutegi bat zer den eta nola erabiltzen den ikasteko bisita gidatuak ere egingo dituzte aurten eskolako neska-mutikoek. Bisita gidatuak eskainiko dizkie Geaxi Ezpeletak lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleei eguenean apirilaren 25ean eta 26an.

2017/04/06 11:30 - 12:30

Elgetako Herri Eskola | Elgeta

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa