Zuzeneko bi musika emanaldi iragarri ditu kafe antzokiko Xabier Ulaziak apirilerako. Lauroba taldeak apirilaren 22an egingo du kontzertua. Talde donostiarrak IV izeneko diskoa aurkeztuko du. Iraupen luzeko laugarren diskoa du, eta auto-ekoizpen bidez ikusi du argia. Sarrera da 8 euro, aurrez erosita 6 euro.
Mikel Urdangarin ere Spaloian izango da apirilean. Margolaria izeneko disko berria aurkeztuko du, apirilaren 28an. Banda formatuan dator oraingoan zornotzarra. Rafa Rueda, Koldo Uriarte, Angel Celada, Jon Cañaveras eta Nika Bitchiasvili ditu bidelagun. Kontzertu horretarako sarrerak ere salgai daude spaloia.eus atarian. Prezioa da 12 euro, aurrez 9 euro.
Antzokiaren martxari dagokionean Ulaziak apirilaren 23ra arteko irekiera egutegia jakinarazi du. Hurrengo hiru asteetan zortzi egunetan zabalduko du antzokia, eta Aste Santuko egunetan itxita egongo da. Ikusteko dago maiatzetik aurrera zer gertatzen den.