Murrizketen aurkako elkarretaratzea gaur goizean Elgetako Herri Eskola atarian

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mar. 17a, 14:09

Ikastetxeko langileen gehiengoak bat egiten du martxoaren 22ko greba deialdiarekin, eta egun horretan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete familiei. Aurrerantzean, gainera, ikasturte amaitu bitartean bariku guztietan egingo dute elkarretaratzea eskola atarian.

Murrizketarik ez zioen pankartaren atzean agertu dira gaur goizean Elgetako Herri Eskolako hamabost irakasle. Eskolei hasiera eman aurretik egin dute elkarretaratzea murrizketen aurkako kamisetak soinean. Herri Eskolako langileek bat egiten dute eguaztenerako deituta dagoen greba deialdiarekin. Familiek astelehenean jasoko dute informazio oharra. 

Irakasleek bat egiten dute greba deialdiaren aldarrikapenekin. "Euskal Autonomia Elkargoan azken urteetan izandako murrizketen ondorioei aurre egiteko honako neurriak exijitzen dizkiogu Eusko Jaurlaritzari", adierazi dute ohar bidez. Egindako eskaerak honakoak dira:

  1. Ordezkapenak lehen egunetik betetzea.
  2. Irakasleen artean dagoen %38ko behin behinekotasuna murriztea lan taldeak egonkortuz.
  3. Hezkuntza Publikoko lan taldeak 2.000 langiletan handitzea ikasleen beharrei kalitatez erantzuteko.
  4. Gelako ikasle kopurua  %10 murriztea.
  5. Eskoletako zuzendaritzak administrazio-organo huts ez bilakatu gehiegizko burokrazia dagoelako.
  6. Bajak bere osotasunean ordaintzea. Gaixotzen diren langileak zigortzeari utzi!
  7. Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu behar da. %15 galdu dugu azken urteetan.
  8. Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.

Elkarretaratzea bariku guztietan

Elgetako Herri Eskolako langileek bat egingo dute bariku oro elkarretaratzea egiteko jasotako deialdiarekin. Jakinarazi dute ikasturte amaierara bitartean bariku guztietan egingo dutela gaur moduko elkarretaratzea eskola atarian eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte familiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak