Zer da Bidean naiz?
Abuztuan abiarazi nuen proiektu berria da. Hira taldetik nator ni. Bost disko argitaratu genituen eta arnas puntu bat hartzea erabaki genuen, baina musika da nire pasioa eta ezin nion utzi. Hala, proiektu honetan sartu nintzen. Gitarra hartu eta nire kantuak egiten jarraitu dut edozein lekutan jotzeko aukera izateko.
Ibai Marin y la vieja guardia dio kartelak. Bakar bakarrik ez zaude, orduan?
[Barre] Bidean naiz proiektuak garapen bat izan du, bai. Hasieran bakarrik ateratzen nintzen agertokira baina une honetan suertatu zaizkit hainbat kontzertu non azpiegiturak ematen duen talde baten laguntzarekin jotzeko Elgetako kafe antzokiko kontzertua, kasu. Proiektu berdina da, kantu berdinak dira baina zertxobait moldatuta rock talde batera. Bandan, une honetan daude Alex Lobato baterian, Aritz Pardina gitarrarekin, Axier Garai baxuarekin eta Libana Taboada korista bezala.
Eta rocka egiten duzue?
Estiloen kontu honetan badakizu zer gertatzen den. Bai, nik rock esaten diot. Rock akustikoa ere esan daiteke. Ni heavytik nator. Gaztetatik heavy asko entzun dut, baina urteen poderioz lasaitzen joan gara eta orain rocka jorratzen dut.
Bidean naiz proiektu honek zelako ibilbidea egin du abuztutik hona?
Egia esan kontzertu asko ari naiz ematen. Lehenengo urtean, abuztutik urte bukaerara bitartean, hamasei bat emanaldi egin nituen. Mugitzen ari gara eta kontzertu politak ari dira ateratzen. Bira oparoa izaten ari dela esan daiteke.
Zapatuan Elgetako antzokian izango gara. Oiartzungo Pagoan ere ixteko daukagu kontzertua, eta hurrengo zapatuan Astigarragako musika eskolako areto nagusira goaz. Maiatzaren 17an, berriz, Donostiako Dabadaban joko dugu… Kontzertu kopuru polita da. Badirudi proiektuak egin duela bere lekutxoa, baina ez da bakarrik etorri. Lan handia egin behar da hori guztia lortzeko. Bilatu egin behar da.
Kantu guztiak dira zureak?
Bai, guztiak. Bertsioren bat egiten dut nahiz eta egia esan ez naizen bertsioen oso laguna urte hauetan guztietan nire kantuak egin izan ditudalako. Baina bai, sartzen dut gustuko dudan bertsioren bat. Gustatzen zait baita ere Hirako kanturen bat sartzea. Pixka bat gogora ekartzeko.
Berezia omen da Spaloiko kontzertua.
Bai, niretzat bada eta pentsatzen dut Xabirendako —antzokiko arduraduna— ere horrela izango dela. Harreman polita daukagu. Esan behar dut, gainera, Xabik Lekeition duen txiringitoan egin nuela Bidean naiz birako lehenengo kontzertua. Urteak dira Xabi ezagutzen dudala eta pertsona mundiala da. Azkenean horrek guztiak xarma berezi bat ematen dio biharko kontzertuari.
Entzuleek zer aurkituko dute bertan?
Lehenengo eta behin ordubete pasatxoko musika emanaldia. Zuzeneko musika emanaldia. Gaur egun nire ustez ez da hainbeste baloratzen; talde asko gara eta gauza arrunt moduan hartzen da. Baina musika zuzenean entzuteko aukera izatea gauza benetan handia da.
Gero, rock kontzertua entzungo dute eta aintzat hartzeko modukoa, nire ustez. Gainera, elgetarrak ezagutu nahi ditut nik, beraz animatzen ditut etortzera.