Untzillatxera antolatu du Kantsatzeke mendi taldeak 2017ko lehenengo irteera. Domekan egingo dute, hilaren 19an. Autoz abiatuko dira Elgetatik 08:00etan, eta Mañarian ekingo diote ibilaldiari. "Hasiera hasieratik aldapa gora, baina xuabe-xuabe hartuta iritsiko gara. Gero ikuspegi ederra eta poliki-poliki behera freskagarri bat eta etxera", esan dute. Lau bat orduko irteera izango dela adierazi dute antolatzaileek. Interesatuek eguenera arteko epea dute izena emateko.
Beste zortzi irteera egingo dituzte 2017an; hilean bat abuztuan salbu. Iragarritakoen artean daude Ioar, Kurutzeberri-Atxorrotz, Berastegi-Erroizpe-Tolosa, Ereñozar-Atxarre, Ganbo, Barbagain, eta Intxorta.
Iaz, lehenengo aldiz proposatu zuen Kantsatzekek mendi irteera Intxortara Eguberri egunarekin, eta izandako harrera ona ikusita errepikatu egingo dute 2017an.
Umeendako bi irteera aurten
Berrikuntza moduan Kantsatzekek bi irteera iragarri ditu, aurten, etxeko txikienekin egiteko. Adierazi dute bata udaberrian izango dela eta bestea udazkenean. Data zehatzak aurrerago emango dituzte jakitera.
Kantsatzeke mendi taldearen inguruko informazio gehiagorako: kantsatzeke@gmail.com edo Kantsatzeke (Facebook).