Aurreikusi moduan zortzi intxaurrondo landatu dituzte Zabala Hermanos lantegi zaharraren eta saihesbidearen artean dagoen belardian.
Udal brigadako langileek prest zituzten landaketak egiteko zuloak. Palak, konposta eta landatu beharreko zuhaizkak ere bai. Umeek zain zituzten, gainera, Iraitz Lazkano alkatea zein Ingurumen batzordeko buru Sebastian Arantzabal.
Arantzabalek adierazi du naturarekiko harreman zuzena bultzatzeko ekimena izan dela, eta umeei landaketak zelan egiten diren azaltzea. "Gune honetan fruta-arbolak landatzea egoki ikusten genuen eta espero dugu lauzpabost urtean lehenengo aleak ematen hastea zuhaitz hauek", esan du.
Zazpi taldetan banatuta gerturatu dira eskolako umeak belardira eta talde bakoitzak landaketa bat egin du. Seigarren mailakoek bi landatu dituzte. Zuhaitzen jarraipena egitera animatu dituzte neska-mutikoak.