Kolore morea nabarmendu zen atzo, Martxoak 8n, Elgetan. Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko morez janzteko eskaera jaso zuten Herri Eskolako ikasleek, eta gaiarekin lotutako ekintzak egin zituzten egun osoan zehar. Ipuinak eta ikus-entzunezkoak ikusteaz gainera Mikel Markezen Konplize ditut kantua abestu eta talde argazkia atera zuten eguerdian.
Arratsaldean eskuz egindako paperezko lore banarekin irten ziren eskolatik maite duten emakume bati oparitzeko. Pozik hartu zuten detailea hainbat emakumek.
17:30ean bestelako eragileek hartu zuten lekukoa. Gaztelekuko neska-mutikoek egindako pankarta zintzilikatu zuten udaletxeko balkoitik, eta pista bila ipini zituzten hainbat ume Altxorraren bila jokoaren bitartez. Topatutako esaldi zatiekin esaldi osoak osatu behar izan zituzten, eta elkarretaratzerako prestatutako pankartan ipini zituzten. Hiru izan ziren: "Berdintasunaren bidean atzerapausorik ez!"; "Jaiotzaz ez gara arrazistak, matxistak, homofoboak edo sexistak. Zer gertatzen zaie batzuei gero?"; eta "Kalean aske ibiltzea dut helburu, ez ausart!".
Hala, egin zuten kontzentrazioa. Txalo artean eman zioten amaiera ekitaldiari.