Nondik nora etorri zaizu artzain ikasketak egiteko beharra?
Gaztak egiten ditugu Mausitxan, baina kalekoa naiz ni, eta, orain zazpi urte etorri arren, gure hiru umeekin egon naiz denbora honetan. Erabaki nuenean baserriko lanetan hastea, zerbait gehiago jakin beharko nuela iruditu zitzaidan; izan ere, irizpide apur batekin egin behar dira gauzak.
Zer ikasi duzu sei hilabeteotan Arantzazuko artzain eskolan?
Denetik apur bat. Ardien maneiua, belardiak nola zaindu eta mantendu, jatekoaren errazionamendua…
Mausitxan ezagutzen dute ofizioa. Bat etorri dira artzain eskolatik zuk eramandako ikasgaiekin?
Batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Azkenean, leku bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta bere egiteko erak.
Zeintzuk dira sasoi honetan baserrian dituzuen zereginak?
Orain hasi dira bigarren taldeko arkazteak umeak egiten. Erditzeetan lagundu behar da, aurreko txandako ardiak jetzi, gaztak egin eta saldu... Laster, gainera, bisita gidatuak eskaintzen hasiko gara.
Asko zarete Mausitxan baserriko lanetarako?
Bost lagun: senarra, senarraren gurasoak, langile bat eta ni.
Mausitxa baserriko gaztak izen ona du. Gustuko duzu ofizio berria?
Ezagunak gara, bai, inguru honetan. Eta bai, gustatzen zait ofizioa. Eskerrak, gainera!