"Bikote mistoendako frontenis txapelketa antolatu gura dugu aurten", adierazi du bultzatzaile nagusi Iratxe Bravok. "Ideia da urte batean emakumezkoendako txapelketa egitea eta hurrengoan bikote mistoendako txapelketa".
Bravok jakinarazi du zabalik dagoela izen-ematea eta interesatuek martxoaren 1era arte dutela horretarako. Prezioa da hamar euro bikoteko, eta txapelketa amateur mailako jokalariendako da. "Izena ematen duen bikote kopuruaren arabera erabakiko dugu txapelketa antolatzea merezi duen edo ez, eta horren arabera zehaztuko dugu egutegia", esan du Bravok.
Interesatuek Elgetako Bolatoki tabernan eman behar dute izena. Ekimenak Elgetako Udalaren laguntza jasoko du.