Grafitiak ezagutu ostean, asteburu honetan tatuaje munduan murgiltzeko aukera izango dute Elgetako neska-mutikoek. Zapatuan izango da tailerra, 17:00etan, gaztelekuan. "10 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo da saioa, baina ate guztiak zabalik izango dira, edonork sartu nahi badu", azaldu du tailerra eskainiko duen Xabier Elgezabal tatuatzaileak. "Helburua izango da tatuaje mundua azaltzea, nondik datorren tattoo hitza, nondik datozen tatuajeak, nola tatuatzen den, nire zaletasun hori nondik datorren, zergatik sartu nintzen mundu honetan, eta abar".
Umeekin tatuaje munduaren gaineko ikastaro bat egiten duen lehenengo aldia izango da Elgezabalendako. "Niretako, kontu berria da hau. Hala ere, gogotsu nago", nabarmendu du tatuatzaileak. Gaineratu du umeek ere interesa badutela mundu honekiko. "Izan ere, geroz eta gehiago ikusten den gauza bat da, hondartzara edo igerilekura doazenean, tatuaje asko ikusten dituzte, eta interesa pizten die horrek. Horregatik, polita izango da zer galdetzen didaten ikustea eta euren interes hori partekatzea", adierazi du.
Hiru tatuaje simulatuko dituzte tailerrean eta, horrez gain, haurren galderei erantzungo die Elgezabalek.