Kontzertu borobila izango da bariku gauekoa. "Hilero kontzertu indartsu bat egitea da asmoa eta hauxe izango da lehenengoa", adierazi du Xabi Ulaziak, Spaloia kafe antzokiaren arduradunak. Zazpi euro da sarrera, leihatilan bertan.
Lau talde izango dira kontzertuan, baina izen nagusia Etsaiakeroak da, Etsaiak talde ezagunaren izen berria da eta. "Gogo izugarria dugu kontzerturako. Talde berria dugu, proiektu berria, eta sekula baino gogo handiagoz igoko gara Spaloiko agertokira", azaldu du Etsaiakeroak taldeko Auo abeslariak.
Azaroan aurkeztu zuen Etsaiakeroak taldeak bost abestiko saio bat, Durangoko Azokara begira. "Nik uste dut kañeroagoak garela orain, makarragoak eta metalzaleagoak", adierazi du Auo-k. Proiektu berrian, Auo bera da abeslaria, Txus Lozano eta Dann Hoyos dira gitarra-joleak, Jorge Gararria baxu-jolea, Nikola Goñi bateria-jolea eta Axular Arizmendi perkusionista.
Elgetan joko duten bigarren aldia izango da. "Etsaiak taldea ginenean, gaztetxean jo genuen kontzertua eta esperientzia ederra izan zen. Gogoratzen naiz elurra zela eta kostata iritsi ginela Elgetara", dio Auo-k.
Space Jam-ek, bertsioak
Space Jam taldeak talde klasikoen bertsioak eskaintzen ditu eta, gainera, publikoaren parte-hartzea sustatzen du. "Gau ederra pasatuko dugu guztiok; beraz, animatu eta parte hartu", animatu ditu herritarrak Auo-k. Hoyos eta Lozano Etsaiakeroak taldeko kideek talde horretan ere jotzen dute.