Elgetako hiru pilotuen aldeko Mendi mendia Racing festa, datorren zapatuan

Eneko Azurmendi 2017ko ots. 10a, 17:26
Hiru pilotuak, kopilotuekin

Asier Unzetabarrenetxea, Mikel Beretxinaga eta Oskar Sarasua auto lasterketetan ibiltzen dira. Martxoaren 5ean hasiko dute denboraldia, eta gastuei aurre egiteko laguntza lortzeaz gain, kirol hau ezagutaraztea eta herrian giro polita sortzea gura dute. Beste batzuen artean bazkaria antolatu dute, eta zabalik da izena emateko epea.

Ostailaren 18an, zapatua, Mendi mendia Racing jaia egingo da Elgetan, "herrian giro ona sortzeaz gain, gure kirol hau  ezagutarazi eta 2017ko denboraldiko gastuari aurre egiteko laguntza bat lortzeko" helburuarekin, Asier Unzetabarrenetxea pilotuetako baten esanetan. Azken honekin batera, Mikel Beretxinaga eta Oskar Sarasua ari dira auto munduan.

Martxoaren 5ean hasiko dute denboraldia, Gabiriako rallysprintean. Aurten, gainera, hiru pilotuak kategoria berean lehiatuko dira, R4 taldean. "Iaz kategoria ezberdinetan aritu ginen, baina aurten antzeko autoak ditugu hirurok eta kategoria berean ariko gara, lehia polita izango dugu", adierazi du Unzetabarrenetxeak.

Kategoria horretan, pilotuaren esanetan, aldaketarik jasan gabeko autoek hartzen dute parte. "Ezin dira ez motorra ezta autoko beste hainbat pieza ere aldatu. Behin aldatuta, beste kategoria baten lehiatu behar izaten da". Autoei dagokienez, Unzetabarrenetxeak BMW e30 325i bat dauka; Beretxinagak, BMW e36 325i bat; eta Sarasuak, berriz, Opel Astra GSI bat.

Lasterketa guztiak, ezin

Unzetabarrenetxearen esanetan, denboraldian zehar 38 lasterketa inguru izaten dira eta guztietan parte hartzea ezinezkoa da haientzat. "Oso garestia da denboraldiko lasterketa guztietan parte hartzea, diru asko gastatzen da", adierazi du. Beraz, ahal duten eta gustukoen duten lasterketetan parte hartzen dute. "Debagoien mailan, parte hartzen dugun lasterketak Gorlako Igoera, Udanako Igoera, Udalako Igoera eta Aramaioko rallysprinta dira. Horiez gain, beste lasterketa batzuetan ere hartzen dugu parte".

Hiru pilotuek kopilotuak ere badituzte. Unzetabarrenetxearena Ibon anaia da. Beretxinagarena, Omer Garcia bergararra eta Sarasuarena, berriz, Koldo Olartua. "Igoeretan pilotua bakarrik joaten da. Baina rallyan eta rallysprintean kopilotuaren laguntza behar izaten du", zehaztu du Unzetabarrenetxeak.

Bazkarirako sarrerak salgai

Egun osoko egitaraua antolatu dute datorren zapaturako. Tartean, hiru autoen erakusketa, triki-poteoa, DJ Elvis Cainoren emanaldia eta bazkaria.
Bazkaria herriko kiroldegian izango da, baba-jana, eta 16 euro balioko du. Izena emateko azkeneko eguna otsailaren 14a da, martitzena, eta, horretarako, honako telefono honetara deitu beharko da: 608 67 64 42.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak