Zer landuko duzue tailer honetan?
Ipuinak kontatzen ikasteko tailerra izango da, ariketa praktikoetan oinarrituta, batez ere. Ipuinen aukeraketa, lanketa eta kontatzea bera landuko dira, ahozkotasunari begira, betiere.
Ze profiletako jendea joaten da mota honetako ikastaroetara?
Oro har, nahiko harrera ona izaten dute eta mota guztietako jendea joaten da. Etxean haurrei kontatzeko modua pixka bat hobetu nahi duen jendea; ikusle kopuru handiago baten aurrean ipuinak kontatu nahi dituen jendea; jendaurrean ipuinak kontatzeko asmo berezirik ez duena baina ahozkotasuna hobetu nahi duena, eta abar. Hala ere, gurasoak eta irakasleak nabarmentzen direla esango nuke, eskolan eta etxean haurrei ipuinak kontatzeko.
Oro har, euskarazko ahozkotasuna hobetu nahi duen oro dago gonbidatuta, beraz?
Hala da. Kontuan izanda tailerra euskaraz dela, norberak ikusi behar du. Ni ohituta nago horrelako jendearekin aritzen; beraz, ez dago arazorik alde horretatik, giro ona egoten da.
Denbora asko daramazu honetan? Zer zailtasun dauka?
2011n hasi nintzen eta dirudiena baino askoz zailagoa da, ondo landu beharreko teknika bat.
Ze mezu helaraziko zenieke elgetarrei tailerrean parte hartzeko?
Gai honekiko interesa badaukate, etor daitezela, guztion artean tarte atsegina pasatuko dugulako, aurrera begirako gako batzuk eskainiz.