Martitzen goizean berehala zabaldu zuen arrandegia Guillermo Burgoa ondarroarrak. Ondo prestatutako ibilgailua dauka. Udaletxe aurrean aparkatu, ur iturrira konektatu, eta aldeetako batean duen estalkia gora igotzea nahikoa izan zuen salmenta postua martxan jartzeko.
Urtarrilean itxi zuen arrandegia Amagoia Irazabalek, eta aurrerantzean astean behin ekarriko du Burgoak arrain freskoa herrira. "Plazan izango gara martitzenetan 09:00etatik 13:00etara, gutxi gorabehera. Ez dugu haztegiko jenerorik ibiltzen, eta Ondarroako portuan sartzen den arraina ekarriko dugu, garaikoa eta freskoa", azaldu du Burgoak. Legatza, lupina, oilarra, zapoa, mihi-arraina, izokina, bakailaoa, txibiak... ekarri zituen martitzenean.
"Harrera polita izan dugu gaur, baina uste dut jende gehiago ere etorriko dela. Batzuk ez zekiten etortzekoak ginela", azaldu du arrain saltzaileak. Burgoaren esanetan herri txikietan asko estimatzen dute zerbitzua. "Astelehenetan eta barikutan Berriatuan izaten gara, eguaztenetan Berastegin, eta eguenetan ostalaritza asko izaten dugu. Koinatua eta biak ibiltzen gara, eta herri txikietan oso pozik hartzen dute zerbitzua", esan du.
Lehenengo eguna izateagatik prezioetan eskaintza bereziak egin dituen galdetuta ezetz dio. "Prezio egokiak jartzea garrantzitsua da. Bezeroak ez dira inozoak".
Lehen bezeroak pozik
Zerbitzu berriaren jakitun edo ez jendea erakarri zuen Bengoaren salmenta postuak martitzen goizean. Arantza Arrieta izan zen lehenengo bezeroetako bat. "Hutsune handia zegoen herrian. Ni arraina Eibartik ekartzen hasita nengoen. Primeran dator zerbitzua. Arrain ona ekarri du eta prezio onean. Antzinatik ezagutzen dut, oso gizon langilea da", adierazi du.
Ana Royuela legatz mutur ederrarekin itzuli zen etxera. "Asko gustatu zait ekarri duten arraina. Prezioak ere onak dira. Eta, ondo prestatuta ikusten ditut. Legatza erosi dut herritik irten beharrik izan gabe", zihoen pozik.
Alex Arantzabalek ere egin zuen erosketa Bengoaren postuan. "Zerbitzu garrantzitsua da eta Guillermo elgetar askorendako da ezaguna. Arrandegi oso ona da, eta ekarri duen generoa oso ona iruditu zait".