Zazpi elgetar izango dira, aurten, Andoaingo piano jaialdian. Lau lagunek zapatuan hartuko dute parte. Maia Erostarbek eta Ehari Barquerok goizean joko dute pianoa, eta lau eskutara egiteko pieza bat prestatu dute. Lehenengo aldia izango dute Andoaingo jaialdian eta txukun egin nahi dituzte gauzak. Arratsaldean joko dute La Cucaracha Jokin Zeziagak eta Nerea Canelok, horiek ere lau eskutara. Eskarmentu handiagoa dute Zeziagak eta Canelok antzerako egoeratan eta lasaiago daude.
Bakarka joko dute pianoa, domekan, Amets Olasolok, Kattalin Otxoak eta Lorea Gallastegik. "Urtero izaten da Elgetako ordezkaritza bat Andoaingo piano jaialdian", azaltzen du Lorea Larrañaga irakasleak. "Ez ditut ikasleak behartzen, nahi duenak hartzen du parte jaialdian, eta gehienetan pozik itzultzen dira. Esperientzia interesgarria da pianoa, gehienetan, bakarka jotzen dugulako. Besteek zer egiten duten eta zein maila duten ikustea beti da ona nire ustez. Jendaurrean jotzea ere bai, noski".