Ohiko egutegiari eutsiko dio Herrixa Dantzan ekimenak Elgetan, eta domekan egingo dute urtarrileko dantzaldia, 19:00etan. Eskertuta azaldu da gidaritza lanak egiten dituen Patxi Montero: "Elgetako Udalak hasieratik babestu ditu Herrixa Dantzan dantzaldiak. Aurten ere hitzarmena sinatuko dugu ekimenak aurrera jarrai dezan Spaloia kafe antzokian", esan du.
Monterok bederatzi dantzaldi iragarri ditu 2017rako: hilero bat egingo dute ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean izan ezik. Ohiko egutegi horri beste saio bat gehituko zaio: maiatzaren 7an Frantziako Gerard Godon soinujolearen zuzeneko musikarekin egingo dutena, hain zuzen ere.
Otsaileko saioa ere berezia izango da. Aratuste-domekarekin izanik Aratuste dantzekin egingo dute. Euskal Herrian zehar Aratusteetan dantzatu ohi diren hainbat dantzen tailer-dantzaldia egingo duela aurreratu du Monterok. Otsailaren 26an izango da hori.
Domekan 2017ko lehenengoa
Etzi, domeka, egingo dute urtarrilari dagokion dantzaldia. Aurrekoetan moduan sarrera doan eta parte-hartzea librea izango da. Patxi Monterok gidatutako du saioa, 19:30etik 20:00etara, Spaloia kafe antzokian. "Gidatutako dantzaldia da Herrixa Dantzan, musika eta dantza tradizional ludikoekin osatutakoa: sokan, bikoteka, soltean, korruan, taldeka... denetarik. Helburua, animatzen diren herritarrek dantzan elkarrekin ondo pasatzea", azaldu du.