Gas faktura oso txikiak iritsi dira azken hilabeteotan Elgetara, eta kezka sortu du horrek hainbat kontsumitzaileren artean. Naturgas Energia da urritik Elgetako gas hornitzaile berria, eta denbora tarte horretan bidali dituen fakturetan ez da gas kontsumo erreala kontuan hartu. "Datuen eskualdatzea motel joan da, eta hurrengo astean hasiko gara kontsumo datu errealekin egindako fakturak igortzen", jakinarazi dute bezeroendako arreta zerbitzutik.
Azaldu dute fakturaren zati finkoari soilik dagokion ordainketa egin dutela elgetarrek hilabeteotan, eta bezeroak lasaitu aldera esan dute metatutako gas kontsumo fakturak izanik ordainketa zatika egiteko aukera emango dutela. "Bi hilabeteko kontsumoa bada bi zatitan ordaindu ahalko da". Naturgas Energiak urrian erosi zizkion Elgetako gas kanalizazioak Repsol Butanori. Idatziz jakinarazi zien bezeroei urteko lehen hiruhilekoan zehar aurreikusten zuela fakturatzen hastea.