Holokaustoko bi biktima elgetar omenduko ditu Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urt. 20a, 12:00
Tomas Rebolloren omenez Mauthauseneko kontzentrazio esparruan dagoen plaka.

Tomas Rebolloren eta Pascual Askasibarren omenez ekitaldi berezia iragarri dute hilaren 27rako. Hurrengo astean emango ditu ekitaldi horren gaineko argibide gehiago Udalak.

Holokaustoko biktimak oroitzeko nazioarteko eguna urtarrilaren 27a da, eta Elgetako Udalak ekitaldi berezia iragarri du bi biktima elgetar omentzeko: Tomas Rebollo Etxaniz eta Pascual Askasibar Iriondo. "Ezin dugu ahaztu euskaldun askok sufritu zutela nazien kontzentrazio eremuetan. Frankismoaren biktima izan zirenak errekuperatzen ari garen moduan, kontuan eduki behar ditugu bi biktima elgetar hauek ere. Azkenean, frankismoak eta nazismoak antzerako faxismoa aplikatu dute. Memoria antifaxista osatzeko bidean urrats bat gehiago da honako hau", adierazi du Elgetako alkate Iraitz Lazkanok. "Uste dut, gainera, Rebolloren eta Askasibarren kasuak nahiko ezezagunak direla herrian".

Bi biktima elgetar

Antzina aldizkarian holokaustoko biktima euskaldunen zerrenda argitaratu dute, abenduan. Horrela izan dute udaletxean Pascual Askasibarren kasuaren berri. Erregistro zibileko jaiotza-agiriak jasotzen du Galarra baserrian jaio zela, 1903an. Oraingoz lortutako informazioaren arabera, Alemanian hil zen, Wöbbelin kontzentrazio eremuan, haren liberazioa baino hamabost egun lehenago: 1945ko apirilaren 17an. Udal arduradunak biktima horren inguruko informazio gehiagoren bila ari dira.

Tomas Rebolloren kasua ezagunagoa da. 1907an jaio zen, Elgetan, eta 1942ko ekainaren 28an hil zen, Austriako Mauthausen-en; plaka bat dago han haren oroimenez. Udala Bartzelonan bizi den Tomas Rebollo semearekin harremanetan da, eta omenaldi ekitaldira etortzeko gogotsu dagoela esan du alkateak.

Ekitaldia urtarrilaren 27an egingo dute, arratsaldean. Hurrengo astean emango ditu argibide gehiago Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak