San Sebastian eguneko prestaketak martxan dituzte bai Herri Eskolan bai nobleen kofradian

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urt. 18a, 10:16
San Sebastian eguneko haur danborrada eta nobleak, iaz, elizpean.

Aurten ere urtarrilaren 20a ez da oharkabean pasako Elgetan. Herri Eskolako haur danborradak bi emanaldi egingo ditu —12:00etan eta 15:30ean—. San Sebastian kofradiako nobleek ere urteroko ekitaldia eta bazkaria egingo dituzte.

Oso aspalditik datorren erakundea da San Sebastian kofradia, Elgetan. Errege katolikoen garaian sortutako taldea da. Orduan, jauntxoei eta lur jabeei armak izateko ahalmena eman zieten, herria lapurren eta kontrabandisten aurrean defendatzeko. Noble hauek osatu zuten orduan San Sebastian kofradia eta gaur arte iraun du.

Badira urte batzuk kofradiako kideek eta Herri Eskolako danborradak bat egiten dutela San Sebastian eguneko ospakizunetan. Aurten ere horrela izango da. Haur Hezkuntzako neska-mutikoek eta seigarren mailako ikasleek osatzen dute Herri Eskolako haur danborrada, eta aurten ere bizpahiru pieza eskainiko dizkiete Elgetako eta Uberako San Sebastian kofradiako nobleei. Saio hori 12:00etan izango da, elizpean. Ondoren, nobleek meza entzungo dute eta urteko gorabeherak jasotzeko batzarra egingo dute sakristian.

24 noble aurten

Taldeko idazkari Juan Ramon Irazabalek adierazi du 24 noble elkartuko direla aurten; 22 Elgetakoak eta bi Uberakoak. Maialde hotelean egingo dute bazkaria.

Angiozarren ere badago Nobleen San Sebastian Kofradia. Haiek beren aldetik egingo dituzte ospakizunak.

Herri Eskolako haur danborradak bigarren emanaldi bat ere egingo du barikuan, 15:30ean, frontoi zaharrean. Gurasoak eta herritarrak gonbidatuta daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak