Horrekin batera hezkidetza eta tratu onak bultzatzeko tailer berezia egingo dute. Berdinen arteko harremanak izenburupean gidatutako hiru saio egingo dituzte gazteleku zerbitzuan urtarrilaren 22an eta 29an, eta otsailaren 12an, 16:30ean. Saio horiek herriko gaztetxo guztiendako izango dira, eta ate irekiak egingo dituzte gaztelekuan.
Hain zuzen ere, ekimen horrekin lotuta dago lehen hiruhilekoan kantuen letra sexistak identifikatzen ikasteko egindako tailerra. Emagin taldeko Rebeka Maestrok gidatu zuen saio hori, eta gaztetxoek etxetik eramandako diskoetako kantuen letrak aztertu zituzten.
Herriko artisauak protagonista
Ekitaldi berri honetan ere bisita bereziak izango dituzte gaztelekuan. Abenduan arrakasta polita izan zuten hainbat herritarrek beraien afizioak eta lanbideak aurkezteko egindako aurkezpenek, bereziki Fernando Albeniz suhiltzaileak eta Daniel Gillegi basozainak egindakoek.
Bigarren hiruhileko honetan herriko artisauak izango dituzte bisitan gaztelekuan, eta gonbidatu dituzte Lorena Ibeas, Pili Arin, eta Igor Herce. Herriko kirolariekin ere egin gura dituzte aurkezpen saioak.
Elgetako auzoak ezagutzeko irteerak ere prestatu dituzte, eta Goimendi zein Uriarte auzoak bisitatuko dituzte. Herriko gaztetxo guztiendako irteerak izango dira, zerbitzuko erabiltzaile izan edo ez. Pelikula emanaldiak ere irekiak izango dira, baina kasu honetan ez erabiltzaileek bi euroko sarrera odaindu beharko dute.
Senda Vivara irteera
Gaztelekukoek Senda Viva parkera joan gura dute ekainean, eta dirua ateratzeko Gabonetako apaingarriak saldu dituzte abenduan. Pozik dira herritar asko gerturatu direlako salmenta postura. Aurrerantzean Aratusteetarako maskarak eta diademak, eskumuturrekoak eta lepokoak prestatutako dituzte salmentarako. Asmoa da bidaia ordaintzen laguntzeko dirua lortzen jarraitzea.