Spaloia kafe antzokitik neska-mutikoendako marrazki lehiaketa iragarri dute domeka arratsalderako. "Marrazki lehiaketa Spaloia antzokian bertan egingo da, domekan, urtarrilak 15, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Lehiaketako baldintza garrantzitsuena marrazkiak bertan egin beharko direla da. Hau da, aipatutako egun eta ordu tarte horretan eta margoak ekartzea gomendatzen dugu", esan dute antolatzaileek.
Bezeroek aukeratuko dute marrazki irabazlea bozketa bidez. "Bozkatzeko aukera izango da astelehenetik barikuko 17:00ak bitartean. Sari banaketa, zapatuan, hilak 21 egingo dugu Spaloian 19:00etan".
Zapatu arratsaldean itxita
Spaloitik jakinarazi dute, bestalde, Sarek zapaturako deituta duen manifestazioarekin bat eginik zapatuan itxita egongo dela aretoa 16:00etatik 19:00tara.
Kontzertua
Hurrengo asterako, berriz, kontzertua iragarri dute. Itzala taldeak egingo du emanaldia zapatuan, hilak 21, 19:30ean. Sarrera doan izango da.