Arrandegirik gabe gelditu da Elgeta. 2010eko azaroaren 23an zabaldu zuen negozioa Salbador kalean Amagoia Irazabalek, baina erabaki du ixteko unea iritsi dela 2017an. "Salmentak oso txikiak ziren, eta dirua galtzen nengoen aspaldian. Bezeroak ere gutxi ziren, ez ziren biztanle kopuruaren %7ra heltzen. Nire iritziz herriak ez du lagundu, eta orain zerbitzu bat gutxiago dugu herrian", adierazi du orain arteko arrain saltzaileak.
Ez da lehen aldia Elgeta arrandegirik gabe gelditzen dela. Irazabalek negozioa zabaldu aurretik saltzaile ibiltari bat etortzen zen herrira eguen goizetan hozkailu-furgoneta batekin. Lerrook idazterakoan Irazabalek ez zekien ziur antzerako zerbitzu bat izango duten, atzera ere, elgetarrek. Abisua pasata dagoela esan du.
Lanean jarraituko du Irazabalek, kasu honetan taberna batean. "Lan erosoagoa da, eta oso gustura dihardut. Lan ordutegiari dagokionean ez dago alderik".