Iluntzerako espero dute Olentzero Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko abe. 23a, 12:06
Olentzero, iaz, Elgetako San Roke kalean sartzen.

Urtean behin jaisten da ikazkina Intxortatik Elgetara, eta iritsi da eguna. 18:30ak alderako espero dute Olentzero herriko plazan. Neska-mutikoen gutunak jasotzera dator.

Askotariko ekintzak daude iragarrita gaurko Elgetan, eta Olentzero izango da protagonista nagusia. 18:30ak aldera etorriko dela jakinarazi du. Ikazkinak zakukada gozoki ekarriko du Intxortatik asto gainean, eta herriko neska-mutikoen gutunak jasotzera dator.

Aurretik plaza apaintzeko tailerra antolatu du Udalak herriko neska-mutiko guztiendako. 17:00etan emango diote hasiera. Horrekin batera erakusketa berezia irekiko dute buztin gelan. Herritarrek egindako eskulanak izango dira bertan ikusgai, eta hilaren 28ra arte egongo da bisitatzeko aukera. Askotariko lanak aurkeztu dituzte herritarrek. Erakusketak gaur zabalduko ditu ateak, 16:00etan.

Espaloia kafe antzokitik ere irekiera jaia iragarri dute. 19:30ean emango diote hasiera goi mailako bi bertsolarirekin: Amets Arzallus eta Sustrai Colina. Jaiak segida izango du Jon Gurrutxagaren saioarekin (20:15) eta The Vartools taldearen emanaldiarekin (22:30).

Bihar gabon eskea

Eta gogoratu biharko gabon eskean parte hartzeko dei egin dutela Guraso elkartetik. Taldea 11:00etan abiatuko da Herri Eskolatik. Eguerdian, txorizoa banatuko dute parte-hartzaile guztien artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak