Elgetako Udalak azaro hasieran abiarazitako prozedura negoziatuak bere bidea egin du eta Xabier Ulaziaren esanetan astelehenean sinatuko du Espaloiaren ustiapenerako kontratua. Gogoz ekingo dio negozio berriari 32 urteko eibartarrak. “Egokitzapen lan txiki batzuk egingo ditugu egunotan kafe antzokiaren kanpoko aldean eta abenduaren 23an egingo dugu irekiera jaia”, esan du. Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariak iragarri ditu ekitaldi horri hasiera emateko, 19:30ean. Ondoren, 20:15ean, Jon Gurrutxagak bakarkako akustikoa egingo du, eta 22:30ean The Vartools taldeak hartuko du lekukoa. Irekiera ospatzeko pintxoak ere banatuko ditu Ulaziak gerturatzen diren bezeroen artean.
Ulaziak badu esperientzia ostalaritzan. Saturraran hondartzako txiringitoa kudeatu izan du urte batzuetan, eta gaur egun Lekeitioko plazan dagoen K13 kioskoko arduraduna da. Asteleheneko sinadura ekitaldiaren ostean bi negozio izango ditu bere ardurapean: Lekeitiokoa eta Elgetako kafe antzokia.
Bost hilabeteko prozedura
Elgetako Udalak ekainean egin zuen Espaloia kafe antzokiaren etorkizunak zein beharko lukeen aztertzeko mahai-ingurua sektoreko hainbat aditurekin edo ariturekin. Aurretik, gaiaren inguruan herritarrek egindako ekarpenak jaso zituen prozesu parte-hartzaile batean.
Ordutik, hutsik gelditutako lehiaketa publiko bat eta prozedura negoziatu bat ipini ditu martxan. Azken asteotan behin baino gehiagotan elkartu da prozedura negoziatu horretarako izendatutako kontratazio-mahaia. Gauzak ondo bidean astelehenetik aurrera kudeatzaile berria izango du Espaloia kafe antzokiak.