Adin guztietako herritarrendako ekintzak izango dituzte, gaur, Elgetan. Herriko ipuin kontalari boluntarioen eskutik neska-mutikoendako bi saio egingo dituzte gaur udal liburutegian. 16:40-17:15 bost urteko gelatik aurrerako umeendako izango da, eta 17:25-18:00 bi urteko gelatik aurrerakoendako.
Herriko erretiratuek ere hitzordua dute, gaur, Ozkarbi elkartean. Kultura Astean murgilduta daude eta Gabonetako luntxa iragarri dute gaurko, 18:00etan. Ekintza honekin emango diote amaiera Kultura Asteari. Oñatiko Ikusi Makusi antzerki taldeko kideen eta Bergarako Alai abesbatzaren bisitak izan dituzte egunotan. Atzo, berriz, bingo saioa egin zuten.
Gaztetxetik Garagardo jaia antolatu dute gaurko. Hainbat garagardo mota dastatzeko aukera izango da 21:00etatik aurrera. Horrekin batera zenbait ekintza ere antolatu dituzte festa girotzeko: txistor jana (21:00), sokatira (00:00), aulkien jolasa (01:00), eta oliba hezur jaurtiketa (02:00).
Eskulan erakusketa eta domekako azoka berezia
Iazko Gabonetan moduan, erakusketa berezia hartuko du, aurten ere, buztin gelak. Herritarrek egindako eskulanak erakutsiko dituzte bertan abenduaren 23tik 28ra. Gaur, barikua, entregatu behar dira lanak buztin gelan, 17:30etik 19:00etara.
Domekan, azkenik, azoka berezia egingo dute herrian. Jostailuak trukatzeko eta bigarren eskuko gauzak zein artisautza produktuak saltzeko edo erosteko aukera izango dute herritarrek. Azoka 11:00etan zabalduko dute gimnasioan. Truke azokarako jostailuei dagokienez, 10:00etatik 10:30era aurkeztu beharko dira gimnasioan. Egoera onean daudenak, hizkuntzarik izatekotan euskarazkoak direnak eta eduki sexistarik ez dutenak onartuko dituzte.