Hilabeteko azkenengo domekan egiten da normalean Herrixa Dantzan saioa Elgetan, baina oraingoan Gabon egunak tokatzen zirenez, eta, bestalde, Escamot Català taldea inguruan zegoela aprobetxatuta, bi gauzak bateratu eta saio aurreratua antolatu dute oraingoan.
Taula gainean, 25 bat lagun, musikari eta dantzarien artean. Elorrion jo berriak ziren eta Gasteizen jotzekoak ziren, baina, tartean, Elgetan geldialditxoa egin zuten. Herritarrak gustura baino gusturago ibili ziren dantzan.
Horrez gain, Julen Altzelai alkizarrak arto-irin ekologikoarekin egindako taloak ekarri zituen eta dantza-afaria egin zuten. Askotariko betegarridun taloak zeuden: txorizoa, gazta, bakailaoa, odolostea, txokolatea, hirugiharra, barazkiak… Arrakasta handia izan zuten horiek ere.