Udalak amaitutzat ematen ditu argiteria publikoa LED sistemara egokitzeko lanak. Urteko inbertsio handienetakoa izan da eta bi helburu nagusi izan ditu: argiaren kalitatea hobetzea eta sistema berriarekin dirua aurreztea. Iraitz Lazkano alkateak adierazi du aurreikuspena dela energia kontsumoan, urtean, 4.000 euro inguru aurreztea. "Berritu behar dugu baita ere kontratatutako potentzia. Jaitsi egingo da, eta aipatutako diru aurrezkia handitzea ekarriko du horrek. Orain hasiko gara kontratu horiek berrikusten".
Kataitik Bergara aldera dauden kaleetan egin ditu Udalak egokitzapen lanak: Domingo Iturbe eta San Roke kaleetan, eskola inguruan, Torrealdea kalean, Mendizaleen eta Andra Mari plazetan, eta Salbador zein Lasao kaleetan.
Bolatokiko parkea argitzeko proiektore bat ipini dute eta hilerri osteko parke berrian martxan da eguzkiaren energiarekin argitzen duen farola fotovoltaiko autonomoa.