Gabonak ate joka ditugun honetan hiru azoka antolatu dituzte batean, Elgetan. Abenduaren 18rako deitu du Udalak eta jostailuak trukatzeko zein bigarren eskuko gauzak saltzeko edo erosteko aukera izango dute bertan herritarrek. Artisautza produktuen salmenta ere egongo da.
"Gauzen berrerabilpena bultzatu gura dugu; izan ere, guretzako erabilerarik ez duen gauza batek izan dezake beste batendako", adierazi du Janire Lazkano zinegotziak. Truke azokarako jostailuak egunean bertan eraman beharko dira plazara. Egoera onean daudenak bakarrik onartuko dituzte. Bigarren eskuko materiala edo artisautza produktuak saldu gura dituzten herritarrek, berriz, mahaia eskatu behar dute udaletxean eguaztenerako, hilak 14.
Eskulan erakusketa
Hilaren 23an, berriz, herritarren eskulanekin erakusketa zabaldu gura du Udalak. Eskulanen bat erakutsi nahi izanez gero interesatuek abenduaren 16an eraman behar dute buztin gelara, 17:30etik 19:00etara.