Arazoa larria da eta Elgetan ere hainbat sentsibilizazio ekintza iragarri dituzte azaroaren 25erako, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunerako.
Goizean goizetik herritarrek eskuragarri izango dituzte paparrean jartzeko lazo moreak. Udalak herriko dendetan eta tabernetan banatuko ditu, eta doan hartzeko moduan jarriko ditu. Aldarrikapen egunaren seinale puntu morea ere lehenengo ordutik egongo da ipinita udaletxeko balkoian.
Ekintza nagusiak 18:00etatik aurrera izango dira, eta herriko plazan kokatuko dituzte. Asmoa da neska-mutikoen artean globo moreak banatzea. Horiek puztutakoan lazo more erraldoi bat egingo dute globo guztiak elkarren ondoan lotuta.
Herritarrak 19:00etako elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu Udalak. Hamabost minutuko elkarretaratze isila izango da eta Emakumeenganako indarkeriarik ez! lelopean egingo dute. Elkarretaratze horretan bereziki gogoan izango dituzte indarkeria matxistaren eraginez azken hamabi hilabeteotan Hego Euskal Herrian hil dituzten bost biktimak: lau emakume eta ume bat. Silueta bana irudikatuko dute lurrean eta krabelin gorriak eskainiko dizkiete.
Bertsoak, poesia eta afaria
Elkarretaratzearen ostean egun horretarako herrian propio sortutako bost bertso abestera gonbidatuko dituzte bertaratutakoak. Aitorren hizkuntz zaharra doinuarekin abestuko dituzte eta Elgetako koruak parte hartuko du ekintza horretan.
Gaztetxetik ere bi hitzordu antolatu dituzte Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako. Poesia saio musikatua eskainiko dute Soraluzeko Mantazpitik taldeko kideek, 19:30ean. Ordubete inguruko iraupena izango du emanaldiak eta sarrera doan izango da. Afaria ere iragarri dute gaztetxetik. 21:30ean egingo dute eta prezioa da hamar euro. Interesatuek Haizea tabernan eman behar dute izena eguaztena baino lehen, hilak 23. Menua da pasta-entsalada, solomoa piperrekin, postrea, ogia, kafea, sagardoa eta ura.
Eskolan tratu onen horma
Herri Eskolan ere landuko dute gaia. Iaz hasi ziren eta aurten ere tratu onen horma egingo dute guztiek elkarlanean umeek etxetik eramandako argazkiekin. Elkarrenganako tratu onak bultzatu gura dituzte horrela.
Dokumentala udaletxean
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna baino bi egun lehenago Prohibido recordar izeneko ikus-entzunezkoa eskainiko du Udalak udaletxeko osoko bilkuren areto nagusian. Bideberri Mankomunitatearen eskutik dator dokumentala eta 1937tik 1944ra Saturrarango espetxean preso egondako hainbat emakumeren testigantzak jasotzen ditu. Frankismoaren espetxe handienetakoa eta krudeletakoa izan zen. 16 eta 80 urte bitarteko bi mila emakumetik gora egon ziren bertan preso. Emanaldia 19:00etan izango da eta sarrera doan. Iraupena ordubete ingurukoa izango da.