Herriko pintxo lehiaketara aurkeztutako pintxoak dastatzeko azken aukera izango da, domekan, Elgetan. Euro bateko prezioan izango dituzte salgai tabernariek eta bezeroek martxan dauden lehiaketetan parte hartzeko azken aukera izango dute: pintxoen osagaiak asmatzeko lehiaketa eta Publikoaren Saria izendatzeko prozesua.
Udalak jakinarazi du aste barruan emango duela lehiaketa guztien emaitzen berri, tartean aurreko aste bukaeran egindako argazki lehiaketarena. Zortzi lagunek hartu zuten parte.
Elgeta Kantuan
Domekan, bestalde, Elgeta Kantuan ekimenak bat egingo du hirugarren pintxo domekarekin. Abeslari taldea 13:00etan abiatuko da herriko plazatik eta gustura hartuko dituzte partaide berriak. Kantu liburua ere salgai izango dute.