1.763 mailegu egin dituzte azken urtean Udal liburutegian

Maite Txintxurreta 2016ko aza. 11a, 09:00

Felix Irizarrek irabazi du urtebetean haur literaturan zein helduenean euskaraz eta gazteleraz jendeak gehien irakurri dituen liburuak zeintzuk izan diren asmatzeko antolatutako lehiaketa; ondorioz, E-reader bat eraman du etxera sari moduan.

Urrian zehar, azken urtean zehar Elgetako liburutegian gehien mailegatu diren liburuak zeintzuk izan diren asmatzeko lehiaketa burutu zuten. Bada, lehiaketa horrek honezkero badu irabazlea: Felix Irizar. E-Reader bat eskuratu du sari moduan.

Dena den, bera ez da izan erantzun guztiak zuzen eman dituen bakarra.Parte hartu dutenen %90ak zuzen erantzun duela azaldu du liburutegiko Geaxi Ezpeletak. Hori dela eta, irabazle guztien artean zozketa egin zuten, eta azkenik Felix Irizar izan zen zorteduna.

Mailegatuenak

Lehiaketa honetan 2015eko urriaren 1a eta aurtengo irailaren 30a bitartean gazte literaturako eta helduei zuzendutako euskarazko zein gaztelerazko libururik mailegatuenak zeintzuk izan diren asmatu behar zuten parte hartzaileek; beraz, lau izenburu asmatu behar izan dituzte.

Bada, gazte literaturan gehien mailegatu den euskarazko liburua Gianni Rodariren Telefonozko ipuinak izan da (bi aldiz mailegatua), eta gaztelerazkoa, berriz, Rachel Renée Russelen Diario de Nikki (lau bider).

Nagusiei zuzendutako liburuen kasuan, aldiz, gehiago errepikatu dira mailegatutako liburuak. Euskarazkoa, Jasone Osororen 12etan bermuta, 6 aldiz mailegatu dute. Gaztelerazkoa, berriz, Paula Hawkinsen La Chica del tren, 12 aldiz.

Bestalde, joan den urtean liburutegian denera zenbat mailegu egin ziren jakitera eman du Geaxi Ezpeletak. 2015. urtean zehar 1.815 mailegu egin zituzten. 2015eko urritik 2016ko irailera bitartean, berriz, 1.763 izan dira; horietatik 938, 16 urtetik beherakoek eraman dituzte etxera, eta gainontzeko 825ak, berriz, adin horretatik gorakoek.

Urriko zozketaren irabazleak

Horrez gain, urriaren 24an ospatu zen Liburutegiaren Nazioarteko Egunean zozketatutako liburuak ere banatu dituzte. Adin tarte desberdinetarako aleak zozketatu zituzten, eta Marak, Ireak, Maiderrek, Anderrek eta Ainhoak liburu bana eraman dute etxera.

Marrazki lehiaketa

Azaroan zehar, liburutegiko marrazki lehiaketaren laugarren edizioa burutzen dihardute, Ametsetako liburutegia gaia oinarri hartuta. Lehiaketa hiru adin tartetan banatuta egongo da (5-8, 9-12 eta 13-16), eta lehiakideek hilabete osoa izango dute beraien marrazkia liburutegian aurkezteko. Ezpeletak azaldu du honezkero entregatu dituztela zenbait lan. Marrazkiok Kartazal batean aurkeztu beharko da, eta horren barruan beste kartazal txiki bat sartu beharko da, egilearen datuekin.
Gerora, hiru marrazki irabazleak kultur etxeko hormak apaintzeko egokituko dituzte, eta egileak sarituak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak