Norendako da Elgetako gazteleku zerbitzua?
Bosgarren mailatik gorako neska-mutikoendako zerbitzua da. Oraingoz, seigarren mailakoak daude eta bosgarren mailakoren bat. Zerbitzua apirilera arte dago zabalik. Zapatuetan eta domeketan, 16:00etatik 20:00etara. Izen-ematea zabalik da beti.
Karetak saltzen ikusi zaituztegu urri amaieran?
Bai. Erabiltzaileek irteera egin nahi dute Senda Vivara eta Arimen Gauerako karetak saltzea otu zitzaigun. Atera ditugu 36 euro eta irteerarako gordeko dugu diru hori. Ekintza gehiago ere egingo ditugu.
Zer duzue buruan?
Gabonetako apaingarriak egingo ditugu basoan aurkitutako fruituekin, eta asmoa da horrekin ere dirutxo bat ateratzea. Orain hiru bat urte berdina egin genuen eta harrera oso ona izan zuen ekimenak.
Herritarrak ere gonbidatuko dituzue aurten gaztelekura, ezta?
Bai. Azaroaren 20rako Izar Irazabal, Aitzol Oiartzabal, Iratxe Bravo eta Jose Estevez gonbidatu ditugu. Afizio banaren berri emango digute: Irazabalek manga marrazkiak egiten ditu, Oiartzalbalek Crav maga arte martziala, Bravok gezi jaurtiketa eta Estevezek modelismoa.
Irteerak ere aurreikusi dituzue.
Bai, perretxikoak batzera eta mugarriak ezagutzera. Logotipoa ere aukeratuko dugu eta mahai-futbolin txapelketa egingo dugu.