Bi orduko lanuztea egin dute gaur goizean Elgetako Cie Alfa Deco enpresan

Elgetako Alfa Deco enpresa. gaur goizean.

LAB sindikatutik salatu dute mekanizatuan jarduten duen 25 langileko enpresan lau langile kaleratuko dituztela urtea amaitu aurretik. "Eta egoera aldatzen ez bada, beste hainbeste edo gehiago kaleratuko dituzte datorren urtean. Taldeko beste enpresa batzuetan birkokatzea ere ukatu digute", gaineratu dute.

Bi orduko lanuztea egin dute gaur eguerdian Elgetako Alfa Deco enpresan, 12:00etatik 14:00etara. Bestalde, 12:30ean, elkarretaratzea egin dute Abadiñoko Cie Inyectametal enpresaren aurrean Alfa Deco despidorik ez, etorkizuna oztoporik ez lemapean.

LAB sindikatuak deitu ditu mobilizazioak eta esan dute enpresako langile guztiek egin dutela bat lanuztearekin kenduta gerenteak eta pertsonal buruak. Hurrengo egunetan pankartak jarriko dituzte herrian mobilizazioen berri emateko, eta enpresaren etorkizunari buruzko informazioa eskatzen jarraituko dute .

LAB sindikatutik jakinarazi dutenez Cie automotive multinazional handi bat da zein enpresa berriak erosten eta bost kontinenteetan zehar hedatzen ari den. "Esaten digutenez bere irabaziak ugaltzen doaz hilabetez hilabete, eta urteko lehen bederatzi hilabeteotan 123 milioiko irabazi garbiak izan ditu. Hori horrela izanik ere bere egoera pribilegiatuak ez du hemengo enpresan eta langileengan eraginik. Adibide garbia dugu Alfa Deco, Elgetan. Makinarian ez inbertitzearen ondorioz eta proiektu berriak bere talde berdineko enpresa batzuetara desbideratzearen ondorioz, enpresako fakturazioa jaisten doa hainbat urtetan. Orain, 2016a amaitu aurretik lau langile kaleratu behar dituztela esan dute eta egoera aldatzen ez bada beste hainbeste edo gehiago kaleratuko dituzte datorren urtean. Kaleratuak izango diren langileei CIE taldeko beste enpresa batzuetan birkokatzea ere ukatu diete".

LAB sindikatutik gaineratu dute langileek hurrengo hilabeteetan izango duten ziurgabetasunaren aurrean azalpenak eskatu dituztela behin eta berriz zuzendaritzan, baina erantzunik jaso gabe jarraitzen dutela. "Horrek dauzkagun kezkak are eta larriago bilakatzen ditu".

Goiena Cie Automotive taldearekin jarri da harremanetan eta prentsa bulegotik esan dute ez dutela oraingoz gai honen inguruko adierazpenik egingo.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.