Janire Lazkano: "Espaloia gune fisiko bizia izatea nahi dugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko aza. 4a, 10:30
Janire Lazkano, Elgetako kultura zinegotzia.

Elgetako kafe antzokiaren kudeaketa esleitzeko lehiaketa publikoa hutsik geratu ostean prozedura negoziatua abiaraziko du Udalak, eta zabalik da izen-ematea. Kultura zinegotzi Janire Lazkanok xehetasun gehiago eman ditu.

Kafe antzokiaren kudeaketaren esleipena fase berri batean da. Prozedura negoziatua egingo du Elgetako Udalak, eta izaera publikoa izango du. Interesatuek hilaren 11ra arteko epea dute parte hartzea eskatzeko. Aurreko baldintza orokorrak izango dira negoziazioaren abiapuntua.

Prozedura negoziatua abiaraziko du Udalak. Zergatik?
Hainbat aukera sortu zitzaizkigun lehiaketa publikoa hutsik geratu ostean. Aukeren artean zeuden prozesua bertan behera uztea eta Espaloia itxita lagatzea,  barne mailako prozedura negoziatu bat egitea, edo prozedura negoziatu hori publiko egitea eta edonori ematea bertan parte hartzeko aukera. Azken hori iruditzen zaigu aukera interesgarriena beste behin herritarrei luzatzen diegulako parte hartzeko aukera horrela. Eta inguruko herrietako jendeari ere bai, noski. Nahiz eta hasieratik finkatutako baldintza orokorretara ez heldu interesdunek aukera izango dute esateko antzokia zelan kudeatuko luketen.

Zeintzuk dira negoziagarri izango diren terminoak?
Legeak ezartzen dituen puntu asko daude. Horiek ezingo ditugu negoziatu. Bai, ordea, alokairuaren inguruan, egutegiaren inguruan, kultura eskaintza emango den edo ez, hobekuntzen inguruan… Horiek bai izango dira puntu negoziagarriak.

Noizko aurreikusten duzue Espaloia kafe antzokia zabalik egotea?
Legeak epe batzuk markatzen ditu. Oraingoz azaroaren 11ra arteko epea ipini dugu interesa dutenek horrela adierazteko. Gero, denbora bat beharko dute nork bere proposamena aurkezteko, eta kontratazio-mahaiak erabaki beharko du zein den proposamenik egokiena. Egokiena bai Espaloia kafe antzokiarendako bai herriarendako. Erabaki hori hartutakoan ikusi beharko dugu zein denboretan jartzen den martxan antzokia; izan ere, esleipendunak dokumentazioa aurkeztu beharko du eta kontratua formalizatu beharko dugu. Horrek ere bere denbora eskatzen du.

Udalak zer du buruan antzokirako?
Nahi duguna da azken urteetako gainbeherari behin betiko amaiera ematea. Nahiko genuke —eta parte hartze prozesuan horrela irten zen— herritarrekin batera adostea Elgetak zein kultura eskaintza behar duen. Espaloia gune fisiko bizia izatea  nahi dugu zeinek ahalbidetuko duen kultura eskaintza hori aurrera eramatea.

Eta Udalak jarraipena egingo lioke antzokiaren martxari?  
Elgeta herri txikia da eta jarraipena modu naturalean egiten da. Udala, gainera, parte aktibo izango da Espaloia kafe antzokian. Horretaz gain baldintza orokorrek aurreikusten dute beharra ikusiz gero Udalak ikuskaritza egiteko aukera izango duela 24 ordu lehenago eskaera eginda.

---

Prozedura negoziatua pausoz pauso

Espaloia kafe antzokiaren kudeaketarako prozedura negoziatuan parte hartzeko interesa dutenek udaletxeko idazkaritzarekin jarri behar dute harremanetan —idazkaritza@elgeta.net edo 943 76 80 22—. Udalak azaroaren 11ra arteko epea zabaldu du interes hori agertzeko. "Jarraian, Udalak, prozedura negoziatuan parte hartzeko gonbidapena luzatuko die interes hori adierazi duten guztiei, eta aurretik egindako lehiaketa publikorako prestatutako baldintza orokorrak bidaliko dizkie; izan ere, horiek hartuko ditugu oinarri negoziatzen hasteko", azaldu du kultura zinegotzi Janire Lazkanok. "Ondoren, interesa dutenek epe bat izango dute nork bere proposamena aurkezteko. Kontratazio-mahaiak erabakiko du proposamen egokiena zein den".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak