Domeka eguerdian egingo dute Elgetako IX. pintxo lehiaketa

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko aza. 3a, 10:19
Aurreko edizio batean Elgetako pintxo lehiaketara aurkeztutako pintxo bat.

Sarituak 14:00etan jasoko du txapela. Herritarrek beste bi domeka izango dituzte Publikoaren Saria erabakitzeko.

Herriko lau tabernak hartuko dute parte, aurten, pintxo lehiaketan. 2016ko irabazleak domekan bertan jasoko du saria. Epaimahai batek taberna guztiak bisitatuko ditu eguerdian zehar eta amaitutakoan emango dute epaiaren berri. Irabazleak egunean bertan jasoko du txapela. Udal ordezkariek eramango diote Jainaga eta Narbaiza trikitilarien musikarekin lagunduta. 14:00etan abiatuko dira herriko plazatik dagokion tabernarainoko bidea egiteko

Taberna bakoitzak pintxo bakarra prestatuko du aurten, eta ez bina aurreko edizioetan moduan. Udalak tabernariekin egindako bileran hainbat aldaketa egiteko proposamena egin zuten ostalariek. Horietako bat da bi pintxo beharrean bana aurkeztea. 

Hiru pintxo domeka

Aurten ere hiru izango dira Elgetako pintxo domekak, eta herritarren parte-hartzea sustatzeko bi lehiaketa egingo dituzte herrian. Taberna bakoitzak bere pintxoaren osagaiak asmatzeko erronka botako du. Asmatzaileen artean txakolin eta ardo ondu botila bana zozketatuko dituzte.

Publikoaren Saria ere jokatuko da aurten. Herritarrek beste bi domeka izango dituzte botoa emateko. Pintxo guztiak euro bateko prezioan izango dituzte salgai tabernariek. Ekitaldi honetako beste berrikuntzetako bat da boto-emaileek txartel bat hartu beharko dutela non lau tabernen pintxoak dastatu dituztela ziurtatuko den. Lau zigilu edo marka jasotakoan bete beharko du txartela parte-hartzaileak goxoena iruditu zaion pintxoa zein izan den adieraziz. Jasotako txartel guztien artean pintxo lehiaketako sari nagusia jaso duen tabernan erabiltzeko 30 euroko txartela zozketatuko du Elgetako Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak