Azkenaldian, Ipuruan partidua egon den bakoitzean itxi egin dute Elgetarako zirkulazioa Eibarren. "Jende asko pilatzen da futbol zelai inguruan, eta segurtasun neurriengatik Ertzaintzak eskatu du Ipurua kalean zirkulazioa mozteko", adierazi du Eibarko udaltzainburu-orde Guillermo Argentek. "Itxi izan dugu partidua hasi baino ordubete lehenago, partiduak irauten duen bitartean eta partidua amaitu osteko ordu erdian".
Neurriak eragozpenak eragin ditu Elgeta eta Eibar arteko errepideko erabiltzaileen artean. "Partidua dagoenean bi aukera ematen dizkizute: zirkulazioa berriz zabaldu arte itxarotea edo Bergaratik joatea", azaldu du egoera horretan egon ostean udaletxetik neurriak hartzeko eskatu duen Patxi Basaurik.
Iraitz Lazkano alkateak jakinarazi du Elgetako Udala harremanetan dela Eibarko Udalarekin, eta behin baino gehiagotan aztertu dutela egoera irtenbide bat topatzeko. Hainbat aukera aztertu dira eta saiakera desberdinak ere egin izan dira. Badirudi, ordea, konponbidea izan daitekeen irtenbide bat topatu dutela orain. Domekan egingo dute lehen saiakera.
Urbitxa kaletik
Eibarren Ipurua kalea ixten jarraituko dute futbol zelaian ligako partidua dagoenean. Zirkulazioarendako, ordea, ordezko bide bat zabalduko dute Urbitxa kaletik. Guillermo Argentek jakinarazi duenez bi noranzkoetako zirkulazioa bideratuko dute bertatik. "Uste dugu irtenbide egokia izan daitekeela, eta domeka eguerdiko Eibar-Villarreal partiduan egingo dugu proba lehen aldiz. Bi udaltzain ipiniko ditugu aldizkako zirkulazioa antolatzeko".
Urbitxa, San Kristobal eta Fray Martin Mallea kaleetatik bideratuko dute zirkulazioa. Hala, ibilgailuek Urbitxa auzotik egingo dute bidea. Eibartik datozenek Urbitxa kaletik egingo dute sarrera aldizkako errepide horretara, eta Elgetatik datozenek Ipurua ondoko Bolatoki paretik: Frai Martin Mallea kaletik, hain zuzen ere.
Kale estuak dira eta tarte batean, gainera, zirkulazioa debekatuta dago norabideetako batean. Horregatik, bi udaltzaingo ipiniko dituzte zirkulazioa antolatzeko.
Aukera egokia dela ikusten bada horrela egingo dute Ipuruan partidua dagoen aldiro.