Udalak prozedura negoziatua ipini du martxan Espaloia kafe antzokiaren kudeaketa nori eman erabakitzeko. Hutsik gelditutako lehiaketa publikoaren inguruan galdetu zuen oposizioak atzo egindako osoko bilkuran, eta kezka azaldu zuten prozedurak markatzen zuen erabakitze mahai osatu ez izanarekin.
Udal arduradunek erantzun zuten hautagaitza bakarra aurkeztu zela lehiaketa publiko horretara, eta ez zela eskatutako gutxieneko baldintzetara egokitzen. Azaldu zuten horregatik ez zela erabakitze mahaia osatu, eta kultura batzordean eman zela erabakiaren berri.
Orain, prozedura negoziatua
Kultura zinegotzi Janire Lazkanok gaineratu zuen prozedura negoziatu bat ipiniko duela martxan Udalak. Horrek esan gura Espaloia kafe antzokiaren kudeaketan interesa dutenek egiten dituzten eskaintzak aztertuko dituela Udalak egokiena aukeratzeko. "Oraingoz bi interesatu daude. Gehiago balego Udalak azaroaren 11ra arteko epea zabaldu du interesatu horiek udaletxeari hautagaitzaren berri emateko". Orduan abiaraziko dute prozedura negoziatua. Oposizioak lan talde horretan parte hartzeko aukera izango duela esan zuen Lazkanok.