Aurten ere beldurgarri dator Arimen Gaua

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko urr. 22a, 17:00
Iazko Arimen Gaueko ikuskizuna egin zuten gazteetako bi hilerri inguruan zain.

Laugarren urtez ospatuko dute herriko neska-mutikoek, eta seigarren mailako ikasleak ari dira Karlistaren altxorraren bila ikuskizuna prestatzen. Antzinatik dator kalabazak edo arbiak hustu eta bide bazterretan ipintzeko usadioa, Elgetan.

Aurten ere Arimen Gauerako iratzarriko dira Mikelen eta Maritxuren hilotzak. Badira hiru urte ez dutela hutsik egiten, eta, ordutik, urtero gogoratzen dute beraien zorigaiztoko maitasun istorioa, Elgetan. Aurten ere seigarren mailako ikasleen eskutik etorriko da ikuskizuna, eta hasita daude prestatzen. Iluntasunak herriko kaleak hartuko dituenean abiaraziko da kontakizuna, urriaren 28an, barikua. "Urriko bigarren aste bukaeran hasi ginen elkartzen, eta berehala egin genuen pertsonaien banaketa. Hamaika neska-mutikok hartuko dute parte ikuskizunean. Orain, nor bere papera ikasten ari da, eta adierazmena lantzen ari gara", azaldu du arduradun lanak egiten diharduen Nerea Villa elgetarrak. Ikuskizuna 20:00etan hasiko da.

Kondairak gonbidatuko ditu herriko neska-mutiko gazteagoak karlistaren altxorra bilatzera. "Zortzi geldialdi egingo ditugu. Herriko plazatik abiatuko gara eta geldituko gara elizako arkupean,  Maialde hotelean, Uruburuko txaboletan, San Roke kaleko atean, frontoi zaharrean, frontoi zaharreko gaineko plazatxoan, eta hilerrian. "Herriko plazan amaituko dugu; izan ere, bertan erreko ditugu Mikelen txapela eta Maritxuren buruko zapia".

Gozokiak denendako

Gozoki banaketarekin amaitu ohi da Arimen Gaueko ikuskizun berezia Elgetan, eta aurten ere horrela izango da. Antolatzaileek jakinarazi dute denendako egongo direla, baina ez direla bukaerara arte banatuko.

Gomendatzen dute argia egiteko linterna eramateko. "Frontoi zaharrean ez dago argirik eta hilerrian ere ez. Linterna beharrezkoa izango da altxorra topatzeko", esan du Villak. "Garrantzitsua da baita ere eskatu ezean protagonistak ez jarraitzea, eta kontuz batez ere hilerrirako igoeran. Aurten edonor ikaratzeko moduko ezusteak izango dira tarte horretan. Adi ibili!". Erraz ikaratzen diren haurrekin kontuan hartzeko gomendioa da honakoa. Ibilbideko gainerako tarteetan ez dela horrelakorik egongo jakinarazi dute.

Arimen Gaua laugarrenez

Laugarren urtea da herriko neska-mutikoendako Arimen Gaua antolatzen dutela, Elgetan. "Halloween indartsu dator, baina Euskal Herrian bazegoen ohitura arbiak hustu eta bide bazterretan ipintzeko. Horrela kontatzen dute herriko nagusienek", azaltzen du Villak. "Herriko neska-mutikoek jakin behar dute hemen Arimen Gaua ospatzen dela, eta uste dut apurka-apurka hasi direla ulertzen. Horrelako kontuek, gainera, arrakasta handia dute umeen artean eta hori nabaria da urtetik urtera egiten den ikuskizunak arrakasta polita izaten duelako".

Kalabazak prestatzen

Aurten ere auzolanean hustuko dituzte, Elgetan, Arimen Gauerako kalabazak. Eguenerako, hilak 27, egin dute hitzordua Herri Eskolako ganbaran, 19:30ean. Xabier Sabajanes gurasoaren laguntzarekin hustuko dituzte kalabazak. "Komeni da ume bakoitzak bere koilara ekartzea hustuketa lana egiteko. Labanak behar dira begiak eta ahoak perfilatzeko, baina helduek egingo dute lan hori", esan dute guraso elkartetik. Kalabazak herrian ipintzeko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak