Errotuta daude, Elgetan, herriko boluntario talde baten eskutik udal liburutegian hamabostean behin egiten diren Ipuinen Ordua izeneko saioak. Ikasturte berria martxan da, eta aste honetako saioa berezia izango da, Liburutegiaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta.
Liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak gidatuko du. Haurrak adinaren arabera banatu beharrean, saio bakarra izango da bi urtetik gorako neska-mutiko guztiendako, eta 17:20etik 18:00etara izango da. "Liburutegiarekin zerikusia duen ipuinen bat egongo da modu berezian kontatuta, pare bat liburu zozketatuko ditugu, eta irakur puntu txiki bat egingo dugu", azaldu du Ezpeletak.
Erabiltzaileendako opariak
Astelehenean, urriak 24, bost liburu zozketatuko dituzte liburutegian. Zozketa horretan sartuko dira urrian zehar Elgetako liburutegian maileguren bat egin duten erabiltzaileak. Bost taldetan banatu dituzte erabiltzaileak: 0-4 urte, 5-8 urte, 9-11 urte, 12-16 urte eta 16 urtetik gorakoak. Talde bakoitzeko liburu bat zozketatuko dute. Zozketa 18:00etan egingo dute.
Liburutegiko irakurrienak
Egun berean, Liburutegiaren Nazioarteko Egunean, emango dituzte liburutegiko liburu irakurrienak asmatzeko lehiaketarako azken pistak.
Lehiaketa martxan da urriaren 3tik, eta 10 urtetik gorako erabiltzaileei dago zabalik. Helburua da asmatzea zeintzuk diren azken hamabi hilabeteotan liburutegian mailegu gehien izan dituzten liburuak. Lau izenburu eman behar dira: helduendako euskarazko eleberrietan mailegatuena, helduendako gaztelerazko eleberrietan mailegatuena, gazte literaturan euskarazko eleberri mailegatuena eta gazte literaturan gaztelerazko eleberri mailegatuena. Astelehenean emango dituzte azken pistak liburutegitik, eta barikua izango da erantzunak bidaltzeko azken eguna. Pista guztiak udal liburutegiko blogean daude ikusgai. Asmatzaileak liburu elektroniko bat irabazteko aukera izango dute. Bat baino gehiago egonez gero zozketatu egingo dute saria.
Eneritz Artetxeren saioa hurrengo barikuan
Hurrengo barikuan Eneritz Artetxek egingo du ipuin kontalari saioa Elgetan. 4 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako Zenbat gurari! ikuskizuna egingo du. Amaieran umeek, beraien nahiak margotu edo idatzi ahal izango dituzte eta kutxa magikoan sartu.