Espaloia kafe antzokiaren kudeaketa esleitzeko lehiaketa publikoa hutsik uztea erabaki du Elgetako Udalak. Iraitz Lazkano alkateak jakinarazi duenez eskaintza bakarra aurkeztu da lehiaketara, baina ez zituen eskatutako baldintza orokorrak betetzen. "Proposamena gutxieneko baldintza horietara egokitzeko eskatu diogu interesatuari, eta horrekin batera eskaeran antzeman ditugun zenbait akats administratibo zuzentzeko, baina ez dugu erantzunik jaso eta erabaki dugu lehiaketa publikoa hutsik uztea".
Elgetako udalbatzak uztaileko osoko bilkuran onartu zituen antzokiaren kudeaketarako lehiaketa publikorako baldintza orokorrak, eta irailaren 12an amaitu zen proposamenak aurkezteko epea. Lehiaketa horren bitartez ostalaritza zerbitzua eta museoa esleitu gura zituen Udalak, kultura arloa zelan kudeatu kultura batzordetik lantzeko asmoarekin. Lehiaketa publikoa hutsik gelditu ostean Udaletik jakinarazi dute etorkizunera begira negoziazio prozedura berri bat jarriko dutela martxan. Egoera aztertzen ari dira.