Indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio ekintza bereziak prestatzen ari dira azaroaren 25erako

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko urr. 14a, 15:00
Iaz egindako ekintzarako herritarrek emandako zapatak gorriz margotzen.

Herritarren parte hartzea eskatu dute udaletxetik. Eguaztenerako, hilak 19, deitu dute bigarren batzar irekia. Udaletxean egingo dute, 18:00etan.

Udal ongizate sailetik herritarrekin batera prestatu gura dituzte azaroaren 25eko sentsibilizazio eta aldarrikapen ekintzak. Aurten ere indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze batera deituko dituzte elgetarrak, baina horrekin batera bestelako kale ekintzak egin gura dituzte. Horiek prestatzen hasteko lehenengo bilera irekia egin zuten irailaren 15ean, eta hainbat ideia sortu ziren. Esaterako, 2016ko urtarriletik azarora bitartean Euskal Herrian eraila izan den emakume bakoitzeko silueta bat egitea, eta silueta guztiak herriko plazan ipintzea kandela eta krabelin banarekin. Horrekin batera informazio panel bat prestatu gura dute non indarkeria matxistaren askotariko adierazleak jasoko dituzten.

Egindako beste proposamen bat izan da iluntzeko elkarretaratzerako pankarta berezi bat prestatzea, eta hamabost minutuko elkarretaratze isila egin ostean habanera edo olerki batekin amaitzea bilkura. Gaztetxetik ere ekintza berezi bat prestatzeko asmoa agertu dute. Poesia eta musika uztartzen dituen emanaldi berezi bat izan daiteke.

Ekimenaren bultzatzaileek hainbat ideia dituzte mahai gainean, eta hurrengo bileretan joango dira horiek guztiak lantzen eta gauzatzen. Jakinarazi dute eguaztenean, hilak 19, egingo dutela hurrengo batzar irekia "dena lotuta edukitzeko edo beste ideia batzuk lantzeko". Herritar guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta. Batzarra 18:00etan egingo dute udaletxean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak