Elgeta Berbetan mintzapraktika egitasmoak bigarren ikasturtea hasi berri du. Oraingoz hamazazpi lagunek eman dute izena, eta hiru taldetan banatuta astean ordubete eskainiko diote egitasmoari. Helburua da euskaraz naturaltasunez moldatzen diren herritarrak mintzamena hobetu nahi dutenekin elkartzea gustuko dituzten ekintzen bueltan euskaraz berba egiteko.
Iaz jaio zen Elgeta Berbetan ekimena, eta lehen ikasturtean hemezortzi lagunek eman zuten izena. Ekitaldi berriari dagokionez martitzenean egin zuten lehenengo saioa Gurasolagun taldeko kideek. Erronka zen ikasturte honetan gurasolagun talde bat martxan jartzea eta lau lagunek osatzen dute. Beste bi taldeak hurrengo astetik aurrera hasiko dira elkartzen.
Izen-ematea zabalik
Taldeak hasita daude martxan, baina egitasmoko koordinatzaile Kepa de Vegak gogorarazi du urte osoan zehar dagoela zabalik izena emateko epea. "Egitasmo honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu ikasle, irakasle, guraso, aitona-amona, langile eta oro har bere buruari erronka txiki bat jarri nahi dion herritar oro denon artean posible baita hizkuntza komunitatea indartzea eta egonkortzea", esan zuen astelehenean Arrasaten egindako kanpainako aurkezpen orokorrean.Debagoieneko sei herritan dago martxan egitasmoa: Arrasaten, Oñatin, Aretxabaletan, Bergaran, Eskoriatzan eta Elgetan.
Elgetaren kasuan interesatuek udaletxean, berbetan@elgeta.net helbide elektronikoan edo 665 282 215 telefono zenbakian eska dezakete informazio gehiago. Egitasmoak facebook orrialdea ere badu Elgetan Berbetan izenarekin.