Lokatza ziklismo eskolak 40. urteurrena ospatu gura du partaide izan diren guztiekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko urr. 5a, 10:00

Bazkaria antolatu dute azaroaren 19rako eskolaren bueltan ibili diren guztiendako. Azaroaren 5ean erakusketa zabalduko dute ibarreko lau ziklista profesional ardatz hartuta. Tartean da Jose Inazio Askasibar elgetarra.

Bergarako Dixula tabernan zabalduko dute erakusketa, eta horrela emango diete hasiera 40. urteurreneko ospakizunei. Jose Inazio Askasibarrekin batera erakusketako protagonista izango dira Jesus Arantzabal, Migel Bengoa, eta Santi Aiastui.

Bestetik, azaroaren 13an, hilabete horretan ospatzen den Santa Zeziliaren egunaren bueltan, Udal Bandak Lokatzari egindako obrarekin irekiko du bere kontzertua, urteurrenari keinu eginez.

Urte guztiotan eskolako parte izan direnak batzeko asmotan, bazkaria eta ospakizun eguna izango dute azaroaren 19an. Eta arratsalderako tertulia antolatu dute. Arantzabalek, Bengoak, Aiastuik eta Askasibarrek hartuko dute parte bertan, eta gidari lanetan Arritxu Iribar, Txomin Perurena eta Imanol Mendiburu arituko dira.

Urteurreneko ospakizunak

Urteurrenaren bueltako egun handia azaroaren 19a izango da. Hala, goizeko hamarretan bizikleta martxa batekin hasiko dute eguna. Ondoren, eguerdi partean, txirrindulari protagonistekin batera Dixulako erakusketa bisitatuko dute, eta ondoren Aranzadi ikastolako gimnasioan izango dute bazkaria.

Berrogei urteotan Lokatzan berrehundik gora pertsonei luzatu die gonbita."Gutariko askok Lokatzan ibili ostean ez dugu kontaktua mantendu, eta uste dugu bazkaria aukera polita izan daitekeela berriro ere denok elkartu eta anekdotak kontatzeko", dio Jon Unamunok, Lokatzako presidenteak. Era berean, Unamunok dio ospakizun honekin hasieratik Lokatzan ibilitakoen lana goraipatu nahi dutela, eta honezkero gure artean ez daudenak gogora ekarri.

Bazkarirako tiketak hogeita bost euroan izango dira salgai, Igartua eta I2 bizikleta dendetan eta Gracian dendan.

Hala, egun osoko egitaraua izango dute klubaren berrogei urteak ospatzeko. Bide batez, klubetik bizikleta gustuko duten gaztetxoei dei egin diete animatu daitezen beraiek ere datorren denboraldirako klubean izena eman eta Lokatzaren parte izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak