Hilean bi aldiz egiten dituzte Elgetan bisita gidatuak Intxortako lubakietara. Gaurkoa berezia izan da antzeztua izan delako. Ohiko kontakizunari bizia eman diote gaur hogei bat boluntariok, eta frontea non egon zen kontatzeaz gain nolakoa izan zen ere azaldu dute. Nerea Villa gidariak eman ditu azalpen nagusiak, eta egin du lotura antzeztutako puntu ezberdinen artean.
Bisitariek, esaterako, erizain bat zuten zain herriko plazan. Asentzio ermitan Frankoren aldeko lau soldadu aurkitu dituzte, et Intxortako Atea monumentuaren parean gudarien eta milizianoen lehen defentsa lerroko fusilari taldea. Apur bat gorago, La Belga posizioan, hiru lagun zituzten zain metrailadore eta guzti. Salbador ermitan egin du taldeak azken geldialdia. Bertan, erresistentziako beste bi puntu ikusi dituzte hainbat armamenturekin.
Bisita berezia Intxorta 1937 Kultur Taldeak antolatu du Frentes de Euskadi taldearekin batera eta Elgetako Udalaren laguntzarekin.