Aelvasa enpresari esleitu dizkio Elgetako Udalak argiteria publikoa berritzeko lanak, eta urri erdialdera hasiko direla esan du Iraitz Lazkano alkateak. "Lanen aurrekontua 50.983,43 eurokoa da —BEZ kanpo—, eta aurreikusten dugu azaro bukaerarako amaituta egotea". Oraingoz, bi dirulaguntza daude baieztatuta: 8.000 euro inguru Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta 10.646 euro Landa Garapenetik. "Energiaren Euskal Erakundetik etorriko denaren zain aurreikusten dugu aurrekontuaren erdia dirulaguntzekin ordaintzea", jakinarazi du alkateak.
Lanen helburua da argiteria publikoa LED sistemara egokitzea. Aldaketak egingo dira Kataitik Bergara aldera dauden kaleetan. Hala nola, Domingo Iturbe kalean, San Roke kalean, eskola inguruan, Torrealdean, Mendizaleen eta Andra Mari plazetan, eta Salbador zein Lasao kaleetan. Farola guztiak aldatuko dituzte eta ipiniko dituzte Villa motako farolak eta Philips Town-Guide modeloko farolak. Bi salbuespen izango dira: Mendizaleen plaza eta Andra Mari plaza. Kasu bietan farolen kanpoko estruktura mantenduko dute, eta berrituko dutena barruko sistema da.
Berezitasun moduan Bolatokiko parkea argiztatutako dute, eta eguzki izpien bitartez lortutako argindarrarekin argiztatzen duen LED tipoko farola bat ipiniko dute hilerri osteko parke berrian.