Gaur egin diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %71,56ko parte hartzea izan da Elgetan. Hala, 619 herritar joan dira gaur udaletxeko hauteslekura botoa ematera.
EH Bilduk eskuratu du boto gehien, 286 (%46,20), hain zuzen ere. Bigarren indarra EAJ izan da 227 botorekin (%36,67). Hirugarren, Elkarrekin Podemos, 58rekin (%9,36). Horien atzetik geratu dira PSE-EE: 21 (%3,39); PP: 11 (%1,77); PACMA: 7 (%1,13); Ciudadanos: 2 (%0,32); Recortes Cero-Grupo Verde: 2 (%0,32); Partido Familia y Vida: 2 (%0,32).
Horretaz gain, bi boto zuri izan dira, eta baliogabeko bat.
Balorazioak
Iraitz Lazkano alkatea "oso pozik" azaldu da herrian EH Bilduk lortutako emaitzarekin: "ezkerreko eta subiranisten aldeko apustua indartuta atera da", adierazi du. Azken urteotako hauteskundeetan ere koalizioa izan da herrian indar nagusia, eta gaurko emaitzek joera horri jarraipena ematen diotela azpimarratu du. Horrekin lotuta, nabarmendu du ekaineko Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin alderatuta joera hori "asko" hobetu dela.
Gaurkoan bigarren indarra izan den EAJ alderdiko Patxi Basaurik ere "ondo" baloratu ditu herrian lortutako emaitzak. 2012ko Eusko Legebiltzarreko emaitzekin alderatu ditu gaurkoak, eta "pozik" azaldu da orduko EH Bildurekiko aldea gutxitzea lortu dutelako. Urte hartan 79 botoko diferentzia izan zuten bi alderdiek, eta gaurkoan, berriz, 54 botokoa.