Urriaren 4an betetzen dira 80 urte Intxortako frontea ezarri zela. Tropa frankisten erasoaldia gelditzeaz gain gudariek eta milizianoek zazpi hilabetez eutsi zioten fronteari, eta tropa frankistak Bizkaian sartzea atzeratu zuten. Hala, ahalbidetu zuten "urriaren 6an lehenengo Euskal Estatutua —Elgetako Estatutua deiturikoa— onartzea, eta hurrengo egunean, urriaren 7an Eusko Jaurlaritza osatzea". Elgetako Udalak lore eskaintza egingo du urriaren 4an, Asentzion.
Aurretik, mahai-ingurua
Urteurreneko ekitaldiak, ordea, urriaren 1ean abiaraziko dituzte. Antolatzaileek harrera ekitaldia eta mahai-ingurua antolatu dituzte Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio zentroan. Bertan, garrantzi berezia eman gura diete Frankismoaren krimenek eragindako kalteei eta biktimei. Beste behin, egia, justizia eta erreparazioa eskatuko dituzte.
Mahai-inguruan parte hartuko dute Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kide Josu Ibargutxik, Bartzelonako alkateorde Jaume Asensek edo Iruñako alkate Joseba Asironek.
Fronte horretako parte izandako gainerako udalerrietako ordezkariak ere gonbidatu dituzte ekitaldira, Berritxutik hasi eta Aramaiora arteko udal ordezkariak, alegia. Horiekin batera Lemoa, Ugao, Orereta, Larrabetzu edo Gernika moduko udaletako ordezkariak ere gonbidatu dituzte.
Ekitaldia 10:30ean hasiko da. Harrera ekitaldia, mahai-ingurua eta aurreskua izango ditu.